18 urterekin behartuak izaten gara gure etorkizunaren nondik norakoa erabakitzera. Askotan sekula argi izan gabe sikiera momentuan zer egin nahi dugun, edo zertan igaro nahi dugun gure bizitzako urte gehienak. Izugarrizko presioa sortarazten da horren inguruan; notak direla eta, etxetik kanpo joatea dela eta, bata edo bestea hautatzearen beharra dela eta… Presioa gainera hainbat bidetik datorkigu, izan familiarengandik, ikastolarengandik, lagunengandik, ingurukoengandik… Baina zalantzarik gabe presio gehiena unibertsitatearekin lotuta dator. Oraindik ere, guztiz zabaldua dago unibertsitatera joatearen prestigioa eta exijentzia, etorkizun on bat izateko aukera bakarra balitz bezala onartua gure gizartean. Hamaika bide eta aukera desberdin daude eskuragarri, ez dugu zertan bat bakarra aukeratu, eta hala ere, jarraitzen dugu unibertsitatera joatea arrakasta eta gehiagotasunarekin lotzen hein handi batean. Obsesio eta estigma honen inguruan hitz egiteko, gaurko atalean Peio Gonzalez, lanbide heziketa egin ondoren bi ingeniaritza egindakoa, eta Uxuri Urrate, unibertsitatea utzi eta lanbide heziketan hasitakoa ditugu.
🎧 Entzun podcasta
ZuZeu Podcast | Bipareta: Astero bi gai landuko dituen mahai-ingurua da Arrate Hernandezek zuzentzen duen Bipareta. ZuZeuko erredakzioak aukeratutako gai batekin joko diogu lehen hormari, eta bigarrenean kanpoko erredakzio batetik datorren kazetari gonbidatuak ekarriko du mintzagaia. Zu ere bi pareten artean sartzeko prest?