June Aiestaran, Nik ere ez dakit azaltzen

Doinua: Hil da Canovas

1. Orain lau urte, martxo aldean,
hala esan zidan senak:
“inprimakian idatz itzazu
izena ta abizenak”.
Nonbait, hau egin behar zuen bertso-
eskolan ibiltzen zenak,
eta kontatu nahi ditut bertan
bildutako bizipenak,
zer sentitzen den jakin dezan hau
inoiz bizi ez duenak.

2. Urte osoan hamar eguntxo
hauen zain egoten gara,
amesten dugu eta burbuila
honi darion patxada.
Eta iritsi ohi direnean,
itxarondako erara,
urte oso bat ikusi gabe
bihurtu liteke traba,
baina berriro elkartu eta
dena lehengo berdina da.

3. Leku honetan bazaude hainbat
izaten dira sintomak:
pultserak, krema usaina edo
begi-zuloak kristonak.
“Atzo gauean”-ekin hasi ohi
diren “muxu_eman zionat”,
edo eta behin atzean utzi
badituzu hango hormak,
ingurukoek ulertuko ez
dituzten hitz eta bromak.

4. Behin otordua bukatuz gero
lanordua iritsi da,
eta nahiz beti ez den izaten
polita alternatiba,
zoragarria ez al da nola
aldatzen den perspektiba?
Nola gainezka izaten dugun
bertan iniziatiba,
ontzietako zikinak ere
gustora garbitzen dira.

5. Goxotasuna ta besarkada
izaten delako dana,
dena delako “behar baduzu
jo ezazu niregana”.
Nahiz ta resaka emozionalak
gero_ematen didan lana,
bera_izaten da sarri, sentitzen
badut gehiegizko zama,
barruko ondo_ez dakidan zera
indarberritzen didana.

6. Niretzat horren direnez gauza
eder eta perfektuak,
kontatu ditut hamar egunok
gordetako sekretuak.
Uste baduzu ez ditudala
esan gauza konkretuak,
barka, hitzotan noski egongo
direla zer hobetuak,
nik ere_ezin dut ta azaldu
zer diren bertso_udalekuak.

🎧 Entzun podcasta

Jatorrizko edukira joan

Dunbala podcastakBerria | Bertso jarriak: Bertso jarriak izan dira eta dira komunikatzeko tresna bat; salatzeko, aldarrikatzeko, berri emateko, hausnartzeko, kontatzeko erraminta bat. Uda honetan astero podcast formatuan zabalduko ditu BERRIAk bertsolari batek jarritako bertsoak, testua ez ezik doinua eta ahotsa ere gozatzeko. Horra bertso berriak, zuzenean belarrira jarriak.

 

 

Podcastera harpidetu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude