Estitxu Arozena, Kontra erranak, udarak emanak

Bertsoak maiz izan du
salaketa usai
aldarrikapen edo
erantzuteko gai
baina gaur norberari
begiratu lasai
udara iritsita
kontra erranez blai
denak ez dira nere
baina gureak bai.

Baztango turismoaz
hausnarketa nahi zen
hasiko banitz nere
bidaiak epaitzen
uztailan, abuztuan,
ahalik ta maizen
galderan erantzunak
ni ez nau lasaitzen
zenbat aroztegitan
egon ote naizen.

🎧 Entzun podcasta

Jatorrizko edukira joan

Dunbala podcastakBerria | Bertso jarriak: Bertso jarriak izan dira eta dira komunikatzeko tresna bat; salatzeko, aldarrikatzeko, berri emateko, hausnartzeko, kontatzeko erraminta bat. Uda honetan astero podcast formatuan zabalduko ditu BERRIAk bertsolari batek jarritako bertsoak, testua ez ezik doinua eta ahotsa ere gozatzeko. Horra bertso berriak, zuzenean belarrira jarriak.

Podcastera harpidetu

Iritsi berria

Protesta jendetsuak dira, baina ez dute oihartzunik Alemaniako politikan. Duela hainbat astetatik errefuxiatu afganiarrek manifestazioak antolatu dituzte gobernu federalaren aurrean. Ez dakit hori ohikoa den ala ez. Iritsi berria naiz Berlinera, duela bi hilabete eskas utzi nuen Erromako apartamentua Alemaniara bizitzera etortzeko, eta niretzat dena da berria. Nire auzoko supermerkatura, liburutegira edo erroldatzea egiteko bulegora hurbiltzen naizen bakoitzean, Siriako eta Afganistango errefuxiatu asko ikusten ditut. Denek alemanieraz fin hitz egiten dute eta inpresio handia ematen dit ohartzeak gehienak duela sei urte iritsi zirela Egeo itsasoa gurutzatu eta Balkanak oinez zeharkatu ostean. Haietako batzuk orduan aurkitu nituen, Greziaren eta Mazedoniaren arteko mugan, Hungarian edo agian Austrian.

🎧 Entzun podcasta

Jatorrizko edukira joan

tropela podcastakBerria | Zaitun: Zerutik begiratuta, tanto berdeak dirudite. Olibondoak Mediterraneoko paisaia, Italiatik Palestinara, janzten duten milurteko zuhaitzak dira. “Gure arbolek hitz egingo balute…”, esan zidan behin emakume palestinar batek. Historiaren testigu mutuak direla pentsatuko dute askok, baina haien fruituek, olibek, hizkuntza unibertsala hitz egiten dute. Horregatik, Zaitun deitu diogu Podcast honi. Oliba esateko arabierara jo dugu, erroetara. Bi astetik behin Mediterraneoko txoko desberdinetako kontuak hurbilduko dizkizuegu. Istorio batzuk, Italiako nondik-norako politikoei buruz. Beste batzuk, berriz, ahanzturara kondenatuak diruditen errefuxiatuen inguruan. Denak oliba zukuaren gustu fresko eta, zergatik ez, mikatzarekin.

Podcastera harpidetu

Izar Mendiguren, Tubacex 200 egun greban

Izar Mendiguren. Laudion jaio zen (Araba), 1988. urtean. 2002ko Arabako Eskolarteko Txapelketan parte hartu zuen, baita irabazi ere. Arabako Bertsolari Txapelketan parte hartu izan du 2004az geroztik. Irakasle aritu da Aiaraldeko bertso eskolan, eta eskualdeko ikastetxeetan ere bai.

Doinua: Gaur gurutzatu gara

200 egun greban ez
al dugu grabea?
Tubacex da tuturik
gabeko nabea,
Bi sententzia nulo,
#SosAiaraldea!
800 familia…
Ze bidegabea!
…borroka gabe dena
zen bide gabea.

Urduña, Amurrio,
Laudio, Aiara…
Eskualde batu bat
da orain bailara:
Tubacex fabrikatik
denda txiki(e)tara,
suhiltzaileak_ez badu
kentzen barrikada…
zer da itzali behar dena,
zer bota sutara?

Lanaldi murrizketan
daude hainbat postu,
emakume izatea
nahi zuten zigortu
horiek botatzea
izanik apostu!
Ertzainek egunero
nahiz bidea moztu,
borroka gelditzea
ezin dute lortu!

Nor doa noren aurka
eta armatua?
zergatik da oldarkorra
ertzainen tratua?
Akordiorik ez da,
baina bai paktua:
Hedabideetan ez da
jaso gertatua,
batzuekin ez dute
eten kontratua!

Langileek jai dute
Celestinorekin,
Nola aurten ezin zen
ospatu San Fermin
grebalariek egin
zuten San Celestin,
egoera antzeztu
prozesioekin…
buruari soilik ez
diote eragin!

Independienteak,
LAB edota ELA…
#TubacexBorrokan da
eredu itzela,
jakin herri oso bat
zuekin gaudela,
Milesker oroitzearren
frogatu bezela:
elkarlanean dena
posiblea dela!

🎧 Entzun podcasta

Jatorrizko edukira joan

Dunbala podcastakBerria | Bertso jarriak: Bertso jarriak izan dira eta dira komunikatzeko tresna bat; salatzeko, aldarrikatzeko, berri emateko, hausnartzeko, kontatzeko erraminta bat. Uda honetan astero podcast formatuan zabalduko ditu BERRIAk bertsolari batek jarritako bertsoak, testua ez ezik doinua eta ahotsa ere gozatzeko. Horra bertso berriak, zuzenean belarrira jarriak.

Podcastera harpidetu

Oihana Bartra, Denek esaten didate

Oihana Bartra. Bilbon sortua, 1984an. Santutxuko bertso eskolan hasi zen bertsotan. Eskolarteko txapelketetan parte hartu zuen, eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketan kantatu du aldiro 2002az geroztik; 2014an, laugarren sailkatu zen. Hiru aldiz hartu du parte Bertsolari Txapelketa Nagusian.

Doinua: Neguko azken antzara (Gorria)

Denek esaten didate
Nahikoa autoritate
Balute bezala nola
Bizi behar dudan hil arte

Daukazun lanpostu finko
Horri eutsiozu tinko
Egungo gazteek ez dute
Suerte berbera e(d)ukiko

Kirol denetan izerdi
Eginez gizonei segi
Baina ez izan hobea
Ta ez gihartu gehiegi

Txapelketako plazara
Joateko unea pasa da
Pixka (ba)t segi dezakezu
Polit joaten bazara

Filtro batzuk zabalik ta
Igual lehengo txabalita
Zarela eman dezake
Zimur batzuk estalita

Nire ustez zaude ederren
Gizon ezkertiar liderren
Antzerako iritzia
Emanez gero Twitterren

Iritzia adierazi
ta pixka bat feminazi
Zarenetik ez didazu
Egiten hainbeste grazi

Orain zaude sasoiz ama
Izan zaitezen Oihana
Ta ahal bada soilik umeengan
Pentsatzen ohi dana

Ez baduzu umerik uzten
Hastean belaunak puzten
Astean behin nor joango da
Egoitzara zu ikusten?

Antzinako iritzi zen
Hori zaila da isiltzen
Neska, noiz hasiko zara
Behar den bezala bizitzen?

Inoiz segiko dut plana
Ta inoiz aldatu dana
Batzu(e)tan diostatena
Ta besteetan nahi dudana

🎧 Entzun podcasta

Jatorrizko edukira joan

Dunbala podcastakBerria | Bertso jarriak: Bertso jarriak izan dira eta dira komunikatzeko tresna bat; salatzeko, aldarrikatzeko, berri emateko, hausnartzeko, kontatzeko erraminta bat. Uda honetan astero podcast formatuan zabalduko ditu BERRIAk bertsolari batek jarritako bertsoak, testua ez ezik doinua eta ahotsa ere gozatzeko. Horra bertso berriak, zuzenean belarrira jarriak.

Podcastera harpidetu

Aimar Karrika, Larrugorritan

Aimar Karrika. Auritzen (Nafarroa) jaio zen, 1988an. Irakasle lanean aritu da Lapurdiko eta Nafarroa Behereko bertso eskola eta kolegioetan. Zortzi aldiz hartu du parte Nafarroako Bertsolari Txapelketan; lautan izan da finalista. 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuen.

Doinua: Itsasoa laino dago

1/
Pandemiaren orritan
Turisten joan etorritan
Gendarme zubi zorritan
Begiradak jatorritan
Ume txikiak korrikan
Eguzkiaren gorritan
Ta hondartzako elorritan
Hendaia larrugorritan

2/
Bainu jantzi zahar bat baino
Ez omen zena gaurdaino
Libertatea oraino
Berriz dudan jartzeraino
Herriko Etxea egundaino
Ez zen biluztu honaino
Itsasoa dago laino
Hondarraitz-tik Lohiaraino

3/
Ez al da edan nahi zukurik
Ez baldin bada tuturik?
Libre dena estuturik
Al dago nahi ezkuturik?
Ba al da hautetsi muturik?
Eta hautesle damuturik?
Nahi gaituzte mututurik
Bi bixkiak kukuturik

4/
Ez zen aski hondar patrikan
Deserosoen fabrikan
Zokoratu den guztitan
Hala ere begi bistan
Gaur ikusi da egitan
Gezurrak dauzkan begitan
Hozka egin behar dela bitan
Hezurraren haragitan

5/
Zer min egiten ahal dut nik
Itsaso ertzean zutik
Gaur ez bagaude burutik
Nik ez dut ulertzen tutik
Gure inguruko gutik
Hartzen badu gaia eskutik
Nola deslotu barrutik
Biluztasuna sexutik

6/
Irudiaren jabeak
Dira gaur egun sareak
Biharkoen zutabeak
Dira lur sendo gabeak
Onddoak eta bareak
Sagar eta udareak
Margo ditzala areak
Atxiki ditzan mareak

🎧 Entzun podcasta

Jatorrizko edukira joan

Dunbala podcastakBerria | Bertso jarriak: Bertso jarriak izan dira eta dira komunikatzeko tresna bat; salatzeko, aldarrikatzeko, berri emateko, hausnartzeko, kontatzeko erraminta bat. Uda honetan astero podcast formatuan zabalduko ditu BERRIAk bertsolari batek jarritako bertsoak, testua ez ezik doinua eta ahotsa ere gozatzeko. Horra bertso berriak, zuzenean belarrira jarriak.

Podcastera harpidetu

Maindi Murua, Arbonatik

Maindi Murua Berra. Azkainen (Lapurdi) sortua, 1989an. Familiatik zaletasuna jaso, eta Donibane Lohizuneko ikastolako bertso eskolan egin zituen lehen urratsak. Eskolarteko txapelketetan parte hartu zuen, eta Xilaban gero, 2010, 2012 eta 2020. urteetan. 2011n Hernandorena saria irabazi zuen.

Doinua : Beko txokotik begira dago

1.
Bi mila eta hogeita bata,
hogeita hiru ekainak,
Arbona aldean laborariek
zimur dituzte bekainak.
Kanpotar batek erosten ditu
milioien truk lur bikainak.
Noiz arte jasan behar ditugu
isil isilik irainak?
Espekulatze bortitzak hemen
eragindako orbainak?

2.
Lurzaindia ta ELB-koek
deitua dute bertara.
Egoeraren larritasunak
eragiten du zirrara.
Honek ez die nekazariei
soilik eragiten traba.
Arbonatik jo Lekarozera
Gasteizera, Hendaiara;
Euskal Herriko biztanle orok
pairatzen duen gaitza da.

3.
Lurra guretzat da bizitoki
eta bizi kalitate.
Lurra landuaz elikatzea
dugu errealitate.
Haren galtzeak nahiz eta egin
herri osoari kalte,
dirudun baten apetak aisa
gaina hartu badezake,
injustizia horren aurrean
guk zer egin genezake?
4.
Gogor lan egin eta baztertuz
sosa egunerokoan,
pisu ziztrin bat lor genezake
hor nonbaiteko zokoan.
Urteak joan ta balioa
igoko zaiolakoan.
«Ea hau saldu eta hobea
hartzen dugun ondokoan».
Beti galtzaile izanen gara
merkatuaren jokoan.

5.
Indarra nora bideratzen den
pentsatzean badut pena.
Bigarren etxe eraikitzea
da artisauen kondena.
Hegazkinetan dabil lanean
ingeniari hoberena.
Zenbat langile berriz ematen
turistei nahi dutena?
Guk elikatzen dugu funtsean
jaten gaituen sistema.

6.
Hauek erranik agian ez dut
nire lagunik minduko.
Ahal bezala ari den hori
ez dut etsai, dut gertuko.
Nindagon gure ahaleginak
merkatuaren zerbitzuko
eskaintzeari egin ezkero
gutako bakoitzak uko,
ze bizimodu eta ze herri
sortzen genukeen lortuko?

🎧 Entzun podcasta

Jatorrizko edukira joan

Dunbala podcastakBerria | Bertso jarriak: Bertso jarriak izan dira eta dira komunikatzeko tresna bat; salatzeko, aldarrikatzeko, berri emateko, hausnartzeko, kontatzeko erraminta bat. Uda honetan astero podcast formatuan zabalduko ditu BERRIAk bertsolari batek jarritako bertsoak, testua ez ezik doinua eta ahotsa ere gozatzeko. Horra bertso berriak, zuzenean belarrira jarriak.

Podcastera harpidetu

Xabat Galletebeitia, Garaiak eta penak

Xabat Galletebeitia. 1986an jaio zen, Lekeition (Bizkaia). Markina-Xemeingo eta Lekeitioko bertso eskoletan aritu da irakasle lanean. Hiru aldiz sailkatu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerako: 2014., 2016. eta 2018 urteetan. Bigarren izan zen 2016ko lehian, eta hirugarren 2018koan.

1- Lehengoak bai garaiak; ontziak noraian,
arrainak itsasoan, sareginak kaian.
Orain gazterik ez da sartzen eskifaian… bizitzea zailago
zen gure garaian.

2- Lehengoak bai oporrak; natura lasaian,
bakea gailurretan,
arnasa paisaian.
Orain jende ilarak daude Himalaian… mundua normalago zen gure garaian.

3- Lehengoak bai parrandak; jai hemen ta jai han, walkmanean Etsaiak, irratian Chayanne.
Orain doinu arraro pila soinu-mahaian… giroa sanoago
zen gure garaian.

4- Lehengoak bai manifak; astero bidaian,
batean Iruñean,
hurrena Hendaian.
Orain nekez datoz bi deialdi jarraian… konpromiso gehiago zen gure garaian.

5- Lehengoak bai gazteak; txosnetan muntaian, asanbladak luzatzen txostenen lengoaian. Orain borrokatzen da horren modu guai-an… iraultza gertuago
zen gure garaian.

6- Lehena eta oraina; horra, yin eta yan, baina iraganetik
beti ezin da jan. Geurea goraipatzen geroratu nahian… garaipenik ez dago penaren garaian.

🎧 Entzun podcasta

Jatorrizko edukira joan

Dunbala podcastakBerria | Bertso jarriak: Bertso jarriak izan dira eta dira komunikatzeko tresna bat; salatzeko, aldarrikatzeko, berri emateko, hausnartzeko, kontatzeko erraminta bat. Uda honetan astero podcast formatuan zabalduko ditu BERRIAk bertsolari batek jarritako bertsoak, testua ez ezik doinua eta ahotsa ere gozatzeko. Horra bertso berriak, zuzenean belarrira jarriak.

Podcastera harpidetu

Eli Pagola, Altzairuzko traste horri

Eli Pagola Apezetxea. Ereñotzun (Hernani, Gipuzkoa) jaio zen, 1995ean. 2015ean eta 2019an Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartu zuen, eta 2018an, Xenpelar sariketa irabazi zuen, baita Hernandorena saria ere. Bertso musikatuak diskoa atera zuen iaz, Manex anaiarekin batera.

Belaze gain, larre azpi
haritz baso zein sagasti
iruditeri zibilizatu
ez direlako zehazki
orain arteko argazki
hau ez bagenuen aski
garapenaren itsukeriak
berri zaharrak dakarzki.

inbertsio eta txeke
aztarrika batzuk ze ke
lo lasai egin ahalko duten
oraindik da ulertzeke
sartu dira “a machete”
atari eta etxepe
gaurtik aurrera izan daitezen
jaurlaritzaren AHT.

Otu hainbat anomali
normatibo anormali
negozioa nondik egingo
abilak dira aspaldi
eraiki eta kiskali
horra hor zer den Euskal Y
muinoak lurrez hustu ondoren
patrikak diruz estali.

Ez da Euskal Y, da Y Vasca
bere firma, bere kasta
bai aurpegia ta bai bihotza
porlanezkoak baitauzka
nondik etorriko pasta
han gustura plisti-plasta
zerriak dena egiten omen
harentzat neurriko aska.

Lurraldeko gainazala
aberatsa, serbitzala
tunel, zubi ta erriyo nahi da
argia eta itzala
jakin trenbideez hala
Txirritak esana zala:
orain ur hotzak mugitzen gaitu
lehen irakinak bezala.

Ze helmuga, ze jatorri
Tripa-jate, tripazorri
dena aurretik eraman arren
gero bueltan zer etorri
asmo bat nahian igorri
altzairuzko traste horri
izan dadila gure garapen
gosearen bidegorri.

🎧 Entzun podcasta

Jatorrizko edukira joan

Dunbala podcastakBerria | Bertso jarriak: Bertso jarriak izan dira eta dira komunikatzeko tresna bat; salatzeko, aldarrikatzeko, berri emateko, hausnartzeko, kontatzeko erraminta bat. Uda honetan astero podcast formatuan zabalduko ditu BERRIAk bertsolari batek jarritako bertsoak, testua ez ezik doinua eta ahotsa ere gozatzeko. Horra bertso berriak, zuzenean belarrira jarriak.

Podcastera harpidetu

Genova, 20 urteren ondoren

Azken egunetan, trauma kolektibo baten aldarrikapen antzeko bat bizitzen ari gara Italian. Lagunekin elkartu eta “zu non zeuden egun hartan?” galdetzen diote batzuek besteei. Koadrilak banatuta daude Genovara joan zirenen eta azken momentuan ez joatea erabaki zutenen artean. Askori ez zaie gaiari buruz hitz egitea gustatzen eta zauri bat berriz ere irekitzea bezalakoa dela pentsatzen dute. Baina azken egunetan kontzientzia kolektibo baten pizkundea bizitzen ari naiz, lagun guztiek zauri horretan sakontzea erabaki izan balute bezala.

🎧 Entzun podcasta

Jatorrizko edukira joan

tropela podcastakBerria | Zaitun: Zerutik begiratuta, tanto berdeak dirudite. Olibondoak Mediterraneoko paisaia, Italiatik Palestinara, janzten duten milurteko zuhaitzak dira. “Gure arbolek hitz egingo balute…”, esan zidan behin emakume palestinar batek. Historiaren testigu mutuak direla pentsatuko dute askok, baina haien fruituek, olibek, hizkuntza unibertsala hitz egiten dute. Horregatik, Zaitun deitu diogu Podcast honi. Oliba esateko arabierara jo dugu, erroetara. Bi astetik behin Mediterraneoko txoko desberdinetako kontuak hurbilduko dizkizuegu. Istorio batzuk, Italiako nondik-norako politikoei buruz. Beste batzuk, berriz, ahanzturara kondenatuak diruditen errefuxiatuen inguruan. Denak oliba zukuaren gustu fresko eta, zergatik ez, mikatzarekin.

Podcastera harpidetu

Mizel Mateo, Ardi beltzaren bertsuak

Mizel Mateo. Baionan 1988an sortutako bidarraitarra. Xalbador kolegioan hasi zen bertso eskolan, 11 urterekin, eta gaztetan eskolarteko txapelketetan parte hartu zuen. Etenaldi baten ondotik, azken urteetan plazan kantatzera itzuli da, eta iaz lehen aldiz parte hartu zuen Xilaba txapelketan.

1-Pannecau karrikan da gizon ezaguna
Katedral sartzea du biltoki kuttuna
Kartoizko matalaza : azken ontasuna
Eta zakur zaharra bideko laguna
Jendeer so egiten pasten du eguna.

2-Erdi iraultzaileak  eta erdi santu
Elkartasun medio badute espantu
Imigranteak nahi dituzte salbatu
Eta Palestindarren patua salatu
Beri nehork ez dio eskurik luzatu.

3-Jendeak abereekin kurri dabiltzala
Zakurra nagusi ta nagusi leihala
Mundu hori infrentzuz itzultzen da ala ?
Jendearen heinean jartzen da kabala
Ta jendea tratatzen zakurra bezala.

4-Beri ez baitiote ainitz urrikalpen
Bere gosera ez du egunero jaten
Ez badiote ere txanponik ematen
Ikasi du itxura tristeena janzten
Lotsa pixkat bederen senditu dezaten.

5-Drogetan xahutzen du duen sos poxia
Arats huntan eginen du azken jauzia.
Eskuetan hartu du asteko dosia
Barda sasi kolega bati erosia
Eta zainetarat du ixuri guzia.

6-Nahiz ibiltzen giren espaloi berean :
Bide ezberdinak ta bakoitza berean
Mundua utziko du ametsak airean
Egunkari saltzaile bat dauka parean
Bihar agertuko da lehen orrialdean.