2004an hasi zen bertso eskolan Xabi Igoa (Aramaio, 1992), 12 urte zituela. Bi bider izan da Arabako Bertsolari Txapelketako finalista: 2015ean eta 2017an. Kuadrila Arteko Txapelketari dagokionez, 2010ekoa eta 2018koa irabazi zituen, Aramaioko taldearekin.
Doinua: Alduderi begira
Eguzkia atera
baino lehen paretik
traktoreak osatu
dezaken kaletik,
burniz orrazten naute
nire azaletik,
jende artera berriz
azaldu aurretik.
Hiru running zaletu,
bi txakur katean,
eta hamabost kaio
ur-hare tartean.
Goiza nigan hasten da
beste behin bakean,
lehenengo sonbrilak
zulatu artean…
Ostean jausten zaizkit
sobera daudenak:
toallen hari puntak,
nahi ez diren kremak,
eta bokatak xerra
enpanatuenak,
gustura biltzen ditut
hauen apur denak.
Zenbat sartu liteken
zuloen kabidan…
(nola dena estaltzen
ederto dakidan)
Mesede bat daudenei
tabako desiran:
zuen zigarrokinik
ez itzali nigan.
Hareetara pote
pala ta rastrela,
Sukia, Amenabar…
balira bezela…
Umeek gehienetan
jakin dena dela,
ikusten dutenetik
ikasten dutela.
Izar formako molde
hatz ta eskuare
bilakatuz aurretik
zena soilik hare
kutsu efimeroko
kostako ondare,
bihar desagertuko
dela jakin gabe.
Hona eguneroko
bat konpasatua.
Behin jende uholdeak
hau arrasatua,
bilakatzen naiz haize
hotzek lisatua
maitaleentzat ohe
inprobisatua.
🎧 Entzun podcasta
Berria | Bertso jarriak: Bertso jarriak izan dira eta dira komunikatzeko tresna bat; salatzeko, aldarrikatzeko, berri emateko, hausnartzeko, kontatzeko erraminta bat. Uda honetan astero podcast formatuan zabalduko ditu BERRIAk bertsolari batek jarritako bertsoak, testua ez ezik doinua eta ahotsa ere gozatzeko. Horra bertso berriak, zuzenean belarrira jarriak.