Xabat Illarregi Marzol. Leitzan jaioa (Nafarroa), 2001ean. Zortzi urte zituela hasi zen bertso eskolan. Geroztik, birritan izan da Nafarroako Eskolarteko txapeldun, eta Euskal Herrikoan ere kantatu du lau aldiz. Pare batean izan da Nafarroako finalean, eta Txapelketa Nagusiko saio batean kantatu du, iazko irailean.
Doinua: Kantuz egin behar det
1.
Herri hau bete-bete
dagoenez guduz
zalantza asko dauzkat
sortzeko helburuz
asko aldatu gara
jendez, testuinguruz
nahiz hornitua egon
abestiz, liburuz
galdera bat badaukat
nik nire aburuz
zein ikuspegi dugu
kulturari buruz
2.
Behar dira plazetan
Zetak eta Huntza
behar da herrigintza,
dirua, hezkuntza
herri hau salbatzeko
zein da asmakuntza
euskarak eramango
gaitu gu goruntza
zer behar du: hizkuntzak
kulturaren funtsa
edota alderantziz
kulturak hizkuntza?
3.
Elkar beharko dute
gutxi gorabehera
baina zer da kultura?
da nire galdera
da artea, da dantza,
da bertsoa bera,
da lituratura, da
musika, opera…
hamaika arlo daude
nire arabera
baina denek ez dute
garrantzia bera
4.
Makro festibaletan
kontzertuak iaio
baina txikia ez da
hain eroso jaio
Zernbat diru-laguntza?
Zenbat bertso saio?
Beti gabiltza zama
beraren karraio
kultura bizi bat nahi
dugu, ze arraio!
baina behar duena
eman behar zaio
5.
Hau dena noiz hasi zen
ezin da zehaztu
hori galtzeak dakar
horrenbeste gastu
historiak indarrez
gaitzake erraztu
urte luzeetako
lanetik arnastu
sor dezagun berria,
asmatu, jolastu
baina nondik gatozen
ez dezagun ahaztu
6.
Nahi nuke azkeneko
ideia azaldu
herri honek askoren
beharra ez al du?
ez dezagun hizkuntza
handitara saldu
nahiz ta hegemoniak
txikitu, zapaldu
sor dezagun kultura,
babestu, zabaldu
daukagun ondarea
ez dezagun galdu
🎧 Entzun podcasta
Berria | Bertso jarriak: Bertso jarriak izan dira eta dira komunikatzeko tresna bat; salatzeko, aldarrikatzeko, berri emateko, hausnartzeko, kontatzeko erraminta bat. Uda honetan astero podcast formatuan zabalduko ditu BERRIAk bertsolari batek jarritako bertsoak, testua ez ezik doinua eta ahotsa ere gozatzeko. Horra bertso berriak, zuzenean belarrira jarriak.