Lampedusako herritarrek ez dute itsasoko ezbeharrei buruz hitz egin nahi. Italiako uhartea harrera portua da, Europako atea. Baina mapan kokatzea besterik ez dago Tunisia Italia baino hurbilago daukala jabetzeko. Errefuxiatuak Lampedusara iristen direnean, funtzionarioek non dauden azaltzen diete eta gehienek etsitu aurpegia jartzen dute, bada, ibilbidearen erdia ere egin ez dutela iruditzen zaie. “Europatik oso urrun dago”, esaten dute askok.
🎧 Entzun podcasta
Berria | Zaitun: Zerutik begiratuta, tanto berdeak dirudite. Olibondoak Mediterraneoko paisaia, Italiatik Palestinara, janzten duten milurteko zuhaitzak dira. “Gure arbolek hitz egingo balute…”, esan zidan behin emakume palestinar batek. Historiaren testigu mutuak direla pentsatuko dute askok, baina haien fruituek, olibek, hizkuntza unibertsala hitz egiten dute. Horregatik, Zaitun deitu diogu Podcast honi. Oliba esateko arabierara jo dugu, erroetara. Bi astetik behin Mediterraneoko txoko desberdinetako kontuak hurbilduko dizkizuegu. Istorio batzuk, Italiako nondik-norako politikoei buruz. Beste batzuk, berriz, ahanzturara kondenatuak diruditen errefuxiatuen inguruan. Denak oliba zukuaren gustu fresko eta, zergatik ez, mikatzarekin.