Datorren ostegunean, hilaren 30ean greba orokorra izango da Hego Euskal Herrian, “lan, pentsio eta bizitza duinen alde”. Greba hori babestu edota bultzatzen duten hiru kolektibotako kideekin izan gara Berria FMren bostgarren saio honetan: Ana Mezo Onekako kidearekin, Naia Torrealdai mugimendu feministako kidearekin eta Maialen Aranburu Eskubide Sozialen Gutuneko ordezkariarekin. Hirurek grebaren irakurketa feminista egin dute, eta grebara joateko arrazoiak genero ikuspegitik aletu. Umorezko tartean, Ramonik zaintzaren gaia jarriko du mahai gainean, eta Irune Lasa Berriako kazetariak jarriko dio puntua saioari.
🎧 Entzun podcasta
Berria | Berria FM: BERRIA egunkariaren podcast feminista da Berria FM. Puri-purian dauden gaiei genero ikuspegitik heltzeko espazioa. Bi astetik behin, asteazkenetan patxadaz landuko dira gaiak, baina zorroztasunik ez zaio falta podcastari. Izan ere, saioa Maider Galardi F. Agirre kazetariak gidatuko badu ere, hainbat kolaboratzailek eta BERRIAko beste zenbait langilek ere parte hartuko dute bertan. Ahots askotako podcast feminista, horixe da Berria FM.