Aste honetako podcasta New Yorketik egin behar nuen. Baina ezin izan dut hara bidaiatu. Estatu Batuetan bi Pfizer txerto hartuak nituen apirilean, eta Durangoko Azokara liburu berria aurkeztera etorri eta hemen gaixotu naiz Covidaz. Batek daki non harrapatu nuen, aireportuan, Frankfurteko geldialdian, Ondarroan, Bilbon, Durangon bertan… hobeto horri buelta gehiegirik ez ematea. Kontua da kutsatu egin nintzela. Apiriletik hona hilabete gehiegi izango dira agian txertoen eraginkortasunari eusteko.
🎧 Entzun podcasta
Berria | New Yorkeko munduak: Euskaldunon egunkarian eta Berrian aritu nintzen astero zutabeak idazten. Zutabeak niretzako halako memoria-kutxa txikiak ziren. Eguneroko bizitzatik hartzen nituen gaiak, irudiak, eszenak. Idatzi eta gero, hantxe geratzen ziren gordeta, egunkariko kutxatxoan. Argazkiak ateratzea bezala zen, bizitzako une jakin bat jasotzen zuten. Orain berriz hasiko naiz zeregin berarekin, zuek kutxak zabaldu besterik ez duzue egin behar.