‘Dunbala’ podcastaren seigarren alea ‘Hautsi da anphora’ diskoari buruzko saio monografikoa da. 40 urte bete ditu euskal kantagintzan mugarri ezarri zuen Ruper Ordorikaren lehen diskoak. Jagoba Salvador eta Eneritz Furyak-ek lau lagun gonbidatu dituzte diskoari buruz hitz egitera: Josu Zabala eta Maite Larburu musikariak, Imanol Agirre Loraldia jaialdiko zuzendaria eta Fermin Etxegoien kazetari eta idazlea.
🎧 Entzun podcasta
Berria | Dunbala: Badok ataria lemazain duela, euskal musikari begiratua ematen dio Dunbala ’podcast’-ak, Eneritz Furyak eta Jagoba Salvadorren gidaritzapean. Batzuetan azken argitalpenen eta kontzertuen amuari kosk egin eta gaur-gaurko albisteei irakurraldi berri bat eman, eta bestetan, euskal musikaren DNA osatu duten riff, lelo, irudi eta melodien bidez, iragana da gogora dakarrena. Itsaso zabal horretako doinu ezagun gogoangarriek eta oraindik ezezagun eta berri zaizkigunek gidatuko dute saioa.