Erromako San Giovanni katedraleko enparantza, ezkerreko mugimenduen sinboloa da. Eta ez da gutxiagorako. Bertan egin zituzten alderdi komunistako Palmiro Togliatti eta Enrico Berlinguer liderren hiletak. Erroman oraindik gogoan dute Berlinguerren azken agurra. 1984ko ekainaren 13an milioi bat pertsona hurbildu ziren San Giovanni enparantzara, lider komunistari agur esatera. Orduz geroztik, sindikatu nagusiek bertan antolatzen dituzte haien elkarteratzeak. San Giovannin ere Langileen Eguneko urteroko kontzertua antolatu ohi dute. Hala, Plaza Gorria deitu izan zaio hamarkada luzez San Giovanniri, eta Kairoko Tahrirren antzeko sinbolo izan da italiarrentzat.
🎧 Entzun podcasta
Berria | Zaitun: Zerutik begiratuta, tanto berdeak dirudite. Olibondoak Mediterraneoko paisaia, Italiatik Palestinara, janzten duten milurteko zuhaitzak dira. “Gure arbolek hitz egingo balute…”, esan zidan behin emakume palestinar batek. Historiaren testigu mutuak direla pentsatuko dute askok, baina haien fruituek, olibek, hizkuntza unibertsala hitz egiten dute. Horregatik, Zaitun deitu diogu Podcast honi. Oliba esateko arabierara jo dugu, erroetara. Bi astetik behin Mediterraneoko txoko desberdinetako kontuak hurbilduko dizkizuegu. Istorio batzuk, Italiako nondik-norako politikoei buruz. Beste batzuk, berriz, ahanzturara kondenatuak diruditen errefuxiatuen inguruan. Denak oliba zukuaren gustu fresko eta, zergatik ez, mikatzarekin.