Metroan sartu naiz. Eseri egin naiz, albokoarekin aulki bateko tartea utzita. Neska bat da, kiroleko poltsa batekin. Hurrengo geltokian gizon talde bat sartu da. Dotore doaz. Jezarrita nagoenez, behetik gora begiratu ditut. Zapata lustratu berriak. Ongi plantxatutako galtzak. Jaka, eta buruan kapela. Zeintzuk izango diren galdetu diot neure buruari. Jakaren besaburuan ezkutu bat dute. New Yorkeko su-hiltzaileak. Zutik doaz, trenaren erdialdean, aulkirik ez dagoen lekuan. Biribilean, solasaldian daude. Ematen du ospakizun batera doazela.
🎧 Entzun podcasta
Berria | New Yorkeko munduak: Euskaldunon egunkarian eta Berrian aritu nintzen astero zutabeak idazten. Zutabeak niretzako halako memoria-kutxa txikiak ziren. Eguneroko bizitzatik hartzen nituen gaiak, irudiak, eszenak. Idatzi eta gero, hantxe geratzen ziren gordeta, egunkariko kutxatxoan. Argazkiak ateratzea bezala zen, bizitzako une jakin bat jasotzen zuten. Orain berriz hasiko naiz zeregin berarekin, zuek kutxak zabaldu besterik ez duzue egin behar.