Muzhda Ashrafi eta bere familiak bi urte eta erdi pasa dituzte Grezian harrapatuta. Afganistanetik ihes egin eta Europara iritsi zirenetik, haien asilo eskaerak ez du ez aurrera ez atzera egin. Are gehiago, Greziak babes politikoa ukatu die. Familiak helegitea aurkeztu du eta haien prozesuak joan-etorri burokratiko amaiezinak pairatu ditu azken hilabeteetan. Ez dira bakarrak. Ashrafitarren odisea, beste milaka familiaren istorioetan islatzen da. Azken egunetan Lesboseko eta Samoseko uharteetan dauden hainbat asilo eskatzailerekin hitz egiteko aukera izan dut, baita Balkanetako ibilbidean harrapatuta daudenekin ere.
🎧 Entzun podcasta
Berria | Zaitun: Zerutik begiratuta, tanto berdeak dirudite. Olibondoak Mediterraneoko paisaia, Italiatik Palestinara, janzten duten milurteko zuhaitzak dira. “Gure arbolek hitz egingo balute…”, esan zidan behin emakume palestinar batek. Historiaren testigu mutuak direla pentsatuko dute askok, baina haien fruituek, olibek, hizkuntza unibertsala hitz egiten dute. Horregatik, Zaitun deitu diogu Podcast honi. Oliba esateko arabierara jo dugu, erroetara. Bi astetik behin Mediterraneoko txoko desberdinetako kontuak hurbilduko dizkizuegu. Istorio batzuk, Italiako nondik-norako politikoei buruz. Beste batzuk, berriz, ahanzturara kondenatuak diruditen errefuxiatuen inguruan. Denak oliba zukuaren gustu fresko eta, zergatik ez, mikatzarekin.