Hainbat gai izan dituzte hizpide Eneritz Furyak eta Jagoba Salvadorrek hirugarren saioan: Krii Kolektiboari Badok-en egindako elkarrizketa aitzaki, musika elektronikoari heldu diote; bideoklipak ekoizten dituen Arriguri kolektiboko Xabi Ojinagarekin mintzatu dira eta Itziar Ituño aktorearekin abiatu dute euskal kulturgileen gustuko musika ezagutzeko atal berria. Sara Zozaya, Nizuri Tazuneri & Urgatz, Ingot eta Olatz Zugastik jarri dute musika.
🎧 Entzun podcasta
Berria | Dunbala: Badok ataria lemazain duela, euskal musikari begiratua ematen dio Dunbala ’podcast’-ak, Eneritz Furyak eta Jagoba Salvadorren gidaritzapean. Batzuetan azken argitalpenen eta kontzertuen amuari kosk egin eta gaur-gaurko albisteei irakurraldi berri bat eman, eta bestetan, euskal musikaren DNA osatu duten riff, lelo, irudi eta melodien bidez, iragana da gogora dakarrena. Itsaso zabal horretako doinu ezagun gogoangarriek eta oraindik ezezagun eta berri zaizkigunek gidatuko dute saioa.