Erromako Termini tren geltokiko inguruak negozio txinatarrez beterik daude. Supermerkatuak, produktu elektrikoak saltzen dituzten negozioak eta oihal dendak. Terminiko Esquilino auzoari Chinatown ere deitzen diote italiarrek. Erromako Chinatown. Hiriburuko jatetxe txinatarrik ospetsuena ere han dago. Hang Zhou du izena eta bertako jabea, Sonia Hang, oso ezaguna da.
Agian ez da kasualitatea izango Casapound mugimendu faxistak ere egoitza han izatea. “Italiaren izaera garbia defendatzeko”, hori da kartelean irakur daitekeena.
🎧 Entzun podcasta
Berria | Zaitun: Zerutik begiratuta, tanto berdeak dirudite. Olibondoak Mediterraneoko paisaia, Italiatik Palestinara, janzten duten milurteko zuhaitzak dira. “Gure arbolek hitz egingo balute…”, esan zidan behin emakume palestinar batek. Historiaren testigu mutuak direla pentsatuko dute askok, baina haien fruituek, olibek, hizkuntza unibertsala hitz egiten dute. Horregatik, Zaitun deitu diogu Podcast honi. Oliba esateko arabierara jo dugu, erroetara. Bi astetik behin Mediterraneoko txoko desberdinetako kontuak hurbilduko dizkizuegu. Istorio batzuk, Italiako nondik-norako politikoei buruz. Beste batzuk, berriz, ahanzturara kondenatuak diruditen errefuxiatuen inguruan. Denak oliba zukuaren gustu fresko eta, zergatik ez, mikatzarekin.