Maddi Sarasua Laskarai. Itsasun (Lapurdi) jaioa, 1995. urtean. 11 urterekin hasi zen bertso eskolan, Uztaritzeko ikastolan. Birritan irabazi zuen Iparraldeko Eskolarteko txapelketa, eta beste behin Euskal Herrikoa. 2012ko Xilaba Bertsolari Txapelketan parte hartu zuen, eta 2013an Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan Nagusian izan zen lehenengoz, bertsolari gazteena izanik. Biharraren hegietan (Maiatz) olerki liburua argitaratu du aurten.
Gedarraren norantza
Doinua: Kantatzera niazu.
1.
Kontrol neurriak, NATO,
gerra isileko…
ez ote duzue nahi
erronka bideko
gazteria heztea
borrokan kideko
injustua denari
aurka egiteko?
2.
Bartzelonan, Frantzian,
Europan denera,
gaitasunean hazi
boterean heda,
noizbait irits gaitezen
egituratzera
haien boterearen
eskala berera.
3.
Lanetik bota nahi nau,
nagusi ustela!
Eskerrak erantzuten
lagundu nautela.
Protestan zenbat jende,
nik masail umela:
senditzen dut borrokak
merezi duela.
4.
Eraldatuz kultura
eta balorea
bilkuretan, kalean
grinez adorea
elkartasuna dugu
jardute kodea
lortu baitezakegu
denentzat hobea.
5.
Zenbat jendek jabea
daukan erasoka.
Bakarrik ez, batera
tenkatzean soka,
zer zorion sendituz
indarra txaloka
guri esker etxetik
ez dutela bota.
6.
Behar dugu teilatu
behar dugu horma
norberak ahal duena
ematea norma
hau da gure iraultza
eta erreforma
eraiki nahi genuken
sistemaren forma.
7.
Norbait menpe hartzea
posible ez dena
norbere zoriona
bezainbat bestena
eratze bide bat da
sozialistena
kapitalak gidatzen
ez duen sistema.
8.
Nahiz eta den bide bat
belaunaldiena
ez al da norabide hau
egokiena
sor dadin bizi forma
on bat guztiena
elkar zapaldu ordez
zaintzen dakiena?
š§ Entzun podcasta
Berria | Bertso jarriak: Bertso jarriak izan dira eta dira komunikatzeko tresna bat; salatzeko, aldarrikatzeko, berri emateko, hausnartzeko, kontatzeko erraminta bat. Uda honetan astero podcast formatuan zabalduko ditu BERRIAk bertsolari batek jarritako bertsoak, testua ez ezik doinua eta ahotsa ere gozatzeko. Horra bertso berriak, zuzenean belarrira jarriak.