Eneko Abasolo Txabarri, ‘Abarkas’. Iurretan (Bizkaia) jaioa, 1976an. 1998an parte hartu zuen bere lehenengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Bertan, bi aldiz sailkatu zen finalerdietarako: 2010ean eta 2018an —zortzigarren izan zen lehengoan, eta zazpigarren bigarrenean—. 2004az geroztik, txapelketako zazpi finalaurrekoetan izan da. Azkenengoan 2023koan, 15. geratu zen finalaurrekoetako sailkapenean.
Memoria
Doinua : 14 heriotzena
Memoria osatzen da
Lurrez eta Harriz
Minetako negarrez
Ta pozaren irriz.
Amama eta bere
Ahizpa letra larriz
Oroitu nahi nituzke
Justizi egarriz
Beraien historia
Bertsotan ekarriz
Durango bonbardatu
Zuten orduetan
Faxistei beldurra,
Sartu hezurretan.
Babesa hartu zuten
Ihesi Sopuertan,
Bertan egon ondoren
Hainbat egunetan
Desgrazia zain zuten
Bueltan Iurretan
Iseko Filomena
Madrilen lanean,
Ezustean etxera
Itzuli zenean
Ja iñor ez zegoen
Baserri barnean
Ta faxistek jomugan
Jarri azkenean
Nonork txibatazoa
Eman zuenean
Bortxatu egin zuten.
Guk zenbat galdera
Ta ondoren erahil.
Posible ote da!
Lurrean utzi zuten
Luze luze bera
Bertsio ofizialak
Zion arabera
Bakarrik erori zen
Eskilaran behera
Ahizpa bat erahila
Betirako drama!
3 neba kartzelan
Espainian barna.
Minean murgildurik
Bizi zen amama
Ta orain oroituaz
Berriz iragana….
Pena dugu inoiz ez
Galdetu izana
Gure Amama Miren
Zen min horren lagin
Zenbat familietan
Gertatu zen berdin
Itxi gabeko zauri
Joan gabeko min
Bertsotan kontatu dut
Historia gordin
Pasatua sekula
Ahaztu ez dadin
🎧 Entzun podcasta
Berria | Bertso jarriak: Bertso jarriak izan dira eta dira komunikatzeko tresna bat; salatzeko, aldarrikatzeko, berri emateko, hausnartzeko, kontatzeko erraminta bat. Uda honetan astero podcast formatuan zabalduko ditu BERRIAk bertsolari batek jarritako bertsoak, testua ez ezik doinua eta ahotsa ere gozatzeko. Horra bertso berriak, zuzenean belarrira jarriak.