Izar Mendiguren. Laudion jaio zen (Araba), 1988. urtean. 2002ko Arabako Eskolarteko Txapelketan parte hartu zuen, baita irabazi ere. Arabako Bertsolari Txapelketan parte hartu izan du 2004az geroztik. Irakasle aritu da Aiaraldeko bertso eskolan, eta eskualdeko ikastetxeetan ere bai.
Doinua: Gaur gurutzatu gara
200 egun greban ez
al dugu grabea?
Tubacex da tuturik
gabeko nabea,
Bi sententzia nulo,
#SosAiaraldea!
800 familia…
Ze bidegabea!
…borroka gabe dena
zen bide gabea.
Urduña, Amurrio,
Laudio, Aiara…
Eskualde batu bat
da orain bailara:
Tubacex fabrikatik
denda txiki(e)tara,
suhiltzaileak_ez badu
kentzen barrikada…
zer da itzali behar dena,
zer bota sutara?
Lanaldi murrizketan
daude hainbat postu,
emakume izatea
nahi zuten zigortu
horiek botatzea
izanik apostu!
Ertzainek egunero
nahiz bidea moztu,
borroka gelditzea
ezin dute lortu!
Nor doa noren aurka
eta armatua?
zergatik da oldarkorra
ertzainen tratua?
Akordiorik ez da,
baina bai paktua:
Hedabideetan ez da
jaso gertatua,
batzuekin ez dute
eten kontratua!
Langileek jai dute
Celestinorekin,
Nola aurten ezin zen
ospatu San Fermin
grebalariek egin
zuten San Celestin,
egoera antzeztu
prozesioekin…
buruari soilik ez
diote eragin!
Independienteak,
LAB edota ELA…
#TubacexBorrokan da
eredu itzela,
jakin herri oso bat
zuekin gaudela,
Milesker oroitzearren
frogatu bezela:
elkarlanean dena
posiblea dela!
🎧 Entzun podcasta
Berria | Bertso jarriak: Bertso jarriak izan dira eta dira komunikatzeko tresna bat; salatzeko, aldarrikatzeko, berri emateko, hausnartzeko, kontatzeko erraminta bat. Uda honetan astero podcast formatuan zabalduko ditu BERRIAk bertsolari batek jarritako bertsoak, testua ez ezik doinua eta ahotsa ere gozatzeko. Horra bertso berriak, zuzenean belarrira jarriak.