Euskal Herriko taberna zuloen gida, horixe Mikel Urdangarinek eta biok unibertsitate garaian idatzi nahi izan genuen liburuaren izenburu bitxia. Asmoa zen Euskal Herriko tabernetan biltzen zen jendearen istorioak eta profilak bildu eta gida ero bat idaztea. Alvaro Cunqueiro edo Joseph Mitchellen kroniken bidetik. Ideia, nola ez, taberna batean izan genuen, Gasteizko Boden, hain zuzen ere.
🎧 Entzun podcasta
Berria | New Yorkeko munduak: Euskaldunon egunkarian eta Berrian aritu nintzen astero zutabeak idazten. Zutabeak niretzako halako memoria-kutxa txikiak ziren. Eguneroko bizitzatik hartzen nituen gaiak, irudiak, eszenak. Idatzi eta gero, hantxe geratzen ziren gordeta, egunkariko kutxatxoan. Argazkiak ateratzea bezala zen, bizitzako une jakin bat jasotzen zuten. Orain berriz hasiko naiz zeregin berarekin, zuek kutxak zabaldu besterik ez duzue egin behar.