Iraila eta maiatza dira New Yorken hilabeterik gozoenak. Maiatzetik aurrera, ekaina eder da, baina sargori egiten ere hasten da. Irailaz gero, berriz, hotzak hasten dira, eta urriko hostoen larutzea eta gorritzea ikusgarri izanik ere, behin urria amaituta eguna laburtu egiten da eta tenperaturak zeharo jaitsi. Orduan, jendeak barrunbeetarako ohitura hartzen du, lagunekin geratu, afaldu edo, bakar bakarrik, liburu bat irakurtzeko.
🎧 Entzun podcasta
Berria | New Yorkeko munduak: Euskaldunon egunkarian eta Berrian aritu nintzen astero zutabeak idazten. Zutabeak niretzako halako memoria-kutxa txikiak ziren. Eguneroko bizitzatik hartzen nituen gaiak, irudiak, eszenak. Idatzi eta gero, hantxe geratzen ziren gordeta, egunkariko kutxatxoan. Argazkiak ateratzea bezala zen, bizitzako une jakin bat jasotzen zuten. Orain berriz hasiko naiz zeregin berarekin, zuek kutxak zabaldu besterik ez duzue egin behar.