Vivien Sansour ameslaria izan da beti. Betleem ondoan dagoen Beit Bala herrian jaio zen, eta, txikitan, olibondoen atzean ezkutatzea gustatzen zitzaion. Gurasoek Gazara eramaten zuten gaztetan; itsasoaz gozatzeko ezinbesteko helmuga zen familia palestinarrentzat. Vivienek gustuko zuen Gazako hondartzetako harea etxera eramatea. Kristalezko bote txikietan sartzen zuen, eta, gero, mahai gainera bota eta koloreztatu egiten zuen.
🎧 Entzun podcasta
Berria | Zaitun: Zerutik begiratuta, tanto berdeak dirudite. Olibondoak Mediterraneoko paisaia, Italiatik Palestinara, janzten duten milurteko zuhaitzak dira. “Gure arbolek hitz egingo balute…”, esan zidan behin emakume palestinar batek. Historiaren testigu mutuak direla pentsatuko dute askok, baina haien fruituek, olibek, hizkuntza unibertsala hitz egiten dute. Horregatik, Zaitun deitu diogu Podcast honi. Oliba esateko arabierara jo dugu, erroetara. Bi astetik behin Mediterraneoko txoko desberdinetako kontuak hurbilduko dizkizuegu. Istorio batzuk, Italiako nondik-norako politikoei buruz. Beste batzuk, berriz, ahanzturara kondenatuak diruditen errefuxiatuen inguruan. Denak oliba zukuaren gustu fresko eta, zergatik ez, mikatzarekin.