Marta Loik ez zuen inoiz imajinatu bizirik zegoen bitartean bere izena hilobi batean ikusiko zuenik. Baina hala izan da. Duela zortzi hilabete, Erromako emakumeak abortatzea erabaki zuen bere fetua gaizki zegoela jakin ostean. Haurdunaldiak arriskuan jartzen zuen Martaren osasuna, eta, horregatik, abortu terapeutiko bat egitea erabaki zuen. Ez zen hautu erraza izan Martarentzat. 20 aste baino gehiagoko haurdunaldiarekin, operazioak nahiko traumatizatuta utzi zuen.
🎧 Entzun podcasta
Berria | Zaitun: Zerutik begiratuta, tanto berdeak dirudite. Olibondoak Mediterraneoko paisaia, Italiatik Palestinara, janzten duten milurteko zuhaitzak dira. “Gure arbolek hitz egingo balute…”, esan zidan behin emakume palestinar batek. Historiaren testigu mutuak direla pentsatuko dute askok, baina haien fruituek, olibek, hizkuntza unibertsala hitz egiten dute. Horregatik, Zaitun deitu diogu Podcast honi. Oliba esateko arabierara jo dugu, erroetara. Bi astetik behin Mediterraneoko txoko desberdinetako kontuak hurbilduko dizkizuegu. Istorio batzuk, Italiako nondik-norako politikoei buruz. Beste batzuk, berriz, ahanzturara kondenatuak diruditen errefuxiatuen inguruan. Denak oliba zukuaren gustu fresko eta, zergatik ez, mikatzarekin.