Bizitzaren pentagraman akorde minor baten ostean maiorra etorri liteke. Edo beste minor bat gehiago, agian. Rafa Ruedak (Mungia, 1972) ondotxo daki hori, urte ugari bait daramatza musikaren oihanean bizitzen. Abeslaria, ekoizlea, eta Euskal Herriko gitarrista finenetako bat da mungiarra. PiLT metal talde ospetsua sortu zuen 1992an eta bakarka diskografia oparoa osatu du azken hamarkadetan. Ez da saski bakarreko sagarra, eta hainbat musika estilo landu ditu; besteak beste, metala, folka, popa edo elektronika, baina, berak ez du sailkapenen neurrietan sartzea gustuko. Orain Mungiako bere etxeko sotoan eraiki du estudioa. Bertan igarotzen ditu orduak musika egiten, doinuekin eta testurekin jolasean. Etxeko ateak zabaldu dizkigu, sartu nahi duzu?
🎧 Entzun podcasta
ZuZeu Podcast | Barruan Gaude: Elkarrizketa podcasta, baina, ez edonolakoa. Astero astero Oier Aranzabalek pertsonaia baten etxera sartuko gaitu, berarekin solasean jardun eta istorio berriak kontatzeko. Sortzaileak, musikariak, aurkezleak eta zerbait interesgarria esateko daukan oro.