Sarai Robles, Izurde bat Iruñean

Sarai Robles. Barañainen (Nafarroa), 1996an sortua, udalerriko Alaitz ikastetxean ikasi zuen, eta han hasi zen bertsoekin jolasten. Lehen Hezkuntzako laugarren mailan zela sortu zen Barañaingo bertso eskola, eta bertan aritu da ordutik. Hirutan kantatu du Nafarroako Bertsolari Txapelketan.

1) Aurtengo uda ekuadorrera
iritsi den egunean
hiri batean non ez daukagun
asko amankomunean
horren albiste harrigarriak
entzuten ditugunean
ez karabelak, eta ez orkak
yateen kontra jardunean;
esan didate azaldu dela
izurde bat Iruñean.

2) Portalean bi nerabek muxu
eman behar zuten unean
aditu dute ahots bat haien
arteko isilunean
blokeko andre zaharrak dira
txutxu-mutxu lizunean
hala zabaldu da albistea
gure etxeko auzunean;
“jakin al duzu azaldu dela
izurde bat Iruñean?”.

3) Protesta pizten ari denean
Bigarren Zabalgunean
ez izateko zuhaitzen ordez
horrenbeste hutsune han
prentsaurreko bat deitu du Udalak
aski modu ilunean
esan dute: “hau gerta zitekeen
Zurriolan, Urumean …
baina, hala da, gaur azaldu da
izurde bat Iruñean”.

4) Berriz ere ez denean egon
txoznarik txoznagunean
kontzertu oro debekaturik
horren modu immunean
apenas inor ezin denean
bizi askatasunean
kalera irten da polizia
lehenengo abagunean
topatu behar ei dutelako
izurde bat Iruñean.

5) Haur eskoletan greban daudela
ia ahaztu dugunean
sindikatua bildu denean
mahai baten ingurunean…
billabesako ondoko haurrak
bere izate xumean
isilgordean esan dit modu
ia-ia errudunean:
“egia al da azaldu dela
izurde bat Iruñean?”.

6) jendea biltzen hasi denean
hiriaren lotunean
handitzen ari da haserrea
guztien deliriumean
”hondartza non da? Aquí no hay playa!”
entzuten da urrunean
hutsuneren bat topatu dute
sortutako ipuinean …
ez duelako inork ikusi
izurderik Iruñean.

🎧 Entzun podcasta

Jatorrizko edukira joan

Dunbala podcastakBerria | Bertso jarriak: Bertso jarriak izan dira eta dira komunikatzeko tresna bat; salatzeko, aldarrikatzeko, berri emateko, hausnartzeko, kontatzeko erraminta bat. Uda honetan astero podcast formatuan zabalduko ditu BERRIAk bertsolari batek jarritako bertsoak, testua ez ezik doinua eta ahotsa ere gozatzeko. Horra bertso berriak, zuzenean belarrira jarriak.

 

 

Podcastera harpidetu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude