Rui Costa Movistar taldeko portugaldarrak irabazi du Super-Besse Sancyko gainean bukatutako etapa. Erdialdeko mendiguneak etapa ikusgarriak eman ohi ditu urtero eta halakoxea izan da gaurkoa. Seigarren kilometroan eraturiko ihesalditik biziraun duen bakarra izan da Rui Costa. 12 segundora iritsi da Gilbert, eta 15 segundora faborito gehienak, Gesink izan ezik.
Vinokourovek debuta egin zuen Tourrean 1999an, Casino taldearekin. Denboraldi bikaina eginda iritsi zen Tourrera, baina gorriak ikusi zituen gazteak, bereziki Galibierren etapan, Sestrierera bidean. Rui Costa txirrindularitza gustuko zuen 13 urteko nerabea baino ez zen orduan. Gaur bien bideak gurutzatu egin dira. Orpoz orpo ibili dira azken metroetan. Bata, portugaldarra, ihesaldia azken bururaino eraman nahian, ito larrian, eta kazahastandar beteranoa hura harrapatu eta bide batez mailot horia Hushvodi kentzeko asmoz. Eta portugaldarra nagusitu da. Vinokourov, ordea, tropelak irentsi du azken maldan. Dena dela, Vino-k beste lezio bat egin du. Enegarrena. Etekinik ez du lortu, baina gaur erakutsitako kemenak lagunduta bete du garaipenen zorroa urtez urte.
Eguneko ihesaldia helmugatik 25 kilometro ingurura sakabanatu da, bigarren mailako mendatean alegia. Van Garderenek, Rui Costak, Riblonek etaĀ Gautierrek egin dute aurrera. Haiekin abiatutako Xabier Zandio atzean gelditu da aldapa horretan. Tropelean ere mugimendua izan da. Astanako Tiralongok jo du aurrena, Amets Txurrukak eta Flechak ondoren. Gauzak horrela, Vinokouroven astindua iritsi da. Adoretsu joan da, eta 40 segundoko tartea ireki du; mailot horia janzteko lain. Tiralongo taldekideak barrena hustu egin du Vinoren mesedetan bat egin dutenean.
Azken aldapako magalera, Super Besse Sancyko magalera, heldu bezain laster aldatu du erritmoa Rui Costak eta Van Garderen saiatu da hura harrapatzen; ez du, ordea, lortu. Vinokourovek, bere aldetik, gutxika gutxika, ihesaldiko kide guztiak aurreratu ditu, baina ezin izan du Rui Costa kate motzean lotu. Tropela ere gain gainean zetorren. Contador bera, Evans eta Cunego ahalegindu dira, baina azkenean Gilbertek utzi ditu gainerakoak atzean azken malda tentean. Haatik, ez da nahikoa izan Movistarreko portugaldarra atzemateko. Faborito gehienak elkarrekin iritsi dira, baina talde horretan ez zen Gesink. Holandarra erori egin zen duela egun gutxi eta gorputz osoan mina duela aitortu du helmugaratu bezain laster. Minutu eta erdira iritsi da Rabobankeko taldeburua. Lasterketaren ikuskizunaren mesedetan espero dezagun Pirinioetara bidean osatzea. Hushvodek eutsi dio lehen postuari eta Evansek eta Franck Schleckek jarraitzen dute bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Beharbada, Unzuek, Movistarreko zuzendariak pentsatuko zuen aurtengo denboraldia transiziokoa izango zela nolabait, euren liderra, Valverde, urtarrilean itzuliko baita lehiara zigorra beteta. Bada justu kontrakoa gertatzen ari da. Txarretik asko izaten ari da denboraldia. Zakurra izaten ari da benetan; Tondoren heriotzaren arrastoa ez da sekula ezabatuko eta Soler kolonbiarraren eroriko larria ezin aipatu gabe utzi, noski. Baina onetik ere izaten ari da 2011. Euskal Herriko Itzulian etapa, Giroan bi eta Tourrean lehenengo astean poltsikoratu dute jada garaipena. BeƱat Intxausti galdu dute, hori bai, ukondoa hautsita baitu; laster errepidean ikusiko ahal dugu!
Bukatu aurretik, pare bat apuntetxo:
Haimar Zubeldia euskal ziklisten artean onena da sailkapen nagusian eta RadioShackeko bigarren txirrindularia da; Kloden du aurretik eta Leipheimer atzetik. Askatasuna emango al dio Bruynel zuzendariak Pirinioetan?
Velits esloveniar gaztea lehen hamarren artean dago. Ikasteko ari omen da Tourrean parte hartzen, eta Martin da taldeko liderra. Esanak esan, nik Pirinioetan ikusteko gogoa dut. Ez ahaztu iazko Espainiako Vueltan hirugarren bukatu zuela. Aurrekoan Piban adiskidea aurtengo Tourreko ezusteez galdezka zebilen. Ba, erne Velitsekin. Egoitz Lizaso lagunak horixe bera usaintzen duela esan du Twitterren.
Argazkia: Sirotti / cyclingnews
Podcasta
Axier Sukia eta Egoitz Lizasok (@elizaso) grabatu dute podcast hau 8. etaparen inguruan.
Aurreko podcastak hemen dituzu.
Jatorrizko edukira joan