Ilunabarra New Yorken gorrizta izaten da ekainean, eta hiriko eraikin luzeak laranja kolorez margotzen ditu une batez. Kaleak zuzenak direnez, urrunetik ikusi ahal da eguzkia sartzen. Hudson River ibaiaren atzealdean ezkutatzen da, New Jersey-n. Egunez bero egiten du, sargori, baina iluntzean goxatu egiten du eguratsak eta une atsegina izaten da paseorako. Ibai ertzera joan gara ilunbista ikustera. Manhattan goitik behera zeharkatzen duen autobidearen azpitik igarota. Etxera bueltan gentozela, hantxe, autopistaren bazterrean, zerbait magikoa gertatu zaigu. Zelaitxo bat ipurtargiz beteta zegoen, dirdira egiten zuten, txandaka, bata besteari erantzunez edo, ohi duten moduan. Argitxoek olatuak sortzen zituzten, antzinako sinfonia bati jarraituz bezala. Nola izan liteke zortzi milioi biztanleko ziutate batean hainbeste ipurtargi egotea, autobideko autoen zaratari jaramonik egin gabe? Halako gauzak ditu hiri honek. Gogorra da, latza, baina opari ederrak ematen ere badaki, gutxien espero duzunean.
🎧 Entzun podcasta
Berria | New Yorkeko munduak: Euskaldunon egunkarian eta Berrian aritu nintzen astero zutabeak idazten. Zutabeak niretzako halako memoria-kutxa txikiak ziren. Eguneroko bizitzatik hartzen nituen gaiak, irudiak, eszenak. Idatzi eta gero, hantxe geratzen ziren gordeta, egunkariko kutxatxoan. Argazkiak ateratzea bezala zen, bizitzako une jakin bat jasotzen zuten. Orain berriz hasiko naiz zeregin berarekin, zuek kutxak zabaldu besterik ez duzue egin behar.