Azken eguna da New Yorkeko PS 87 eskola publikoan eta gurasoak patioan daude haurrak jaso zain. Maila bakoitzak patioko lurrean letra bat du margotua eta letra haren gainean egon behar dute esperoan. Gela bakoitza patioko bazter batean. Atera orduko, gurasoak haurrak saritzen hasi dira, opari txikiak, etxean egindako diplomatxoak, besarkadak. Gauza handia da ikasturtea bukatzea, lan eskerga egin dute haurrek eta badakite hori baloratzen gurasoek. Guretzat, New Yorken igarotako urtean ezustekorik onena eskola izan da. Jauzi handia dago irakasteko eran, han eta hemen. Formei dagokionez eta edukiari. Ordutegia trinkoa da, umeek gosaria eta bazkaria eskolan jaten dute, debalde. Horrela bermatzen da haurrek behintzat egunean birritan jatea, gero etxean afalduko ez balute ere.
🎧 Entzun podcasta
Berria | New Yorkeko munduak: Euskaldunon egunkarian eta Berrian aritu nintzen astero zutabeak idazten. Zutabeak niretzako halako memoria-kutxa txikiak ziren. Eguneroko bizitzatik hartzen nituen gaiak, irudiak, eszenak. Idatzi eta gero, hantxe geratzen ziren gordeta, egunkariko kutxatxoan. Argazkiak ateratzea bezala zen, bizitzako une jakin bat jasotzen zuten. Orain berriz hasiko naiz zeregin berarekin, zuek kutxak zabaldu besterik ez duzue egin behar.