Ramadana amaitu da, hasi da jaia! Hilabete oso bateko barauaren ostean, mundu mailako musulmanek Eid Al-Fitr festari ekiten diote. Eta Zaatariko kanpalekuan bizi diren Siriako errefuxiatuak ez dira besteak baino gutxiago. 019an krudela izan da Ramadana. Barau hilabetearen hasiera 10 egun aurreratzen da urtero, eta aurtengoan maiatzetik ekaineko epea bete du. Jordaniaren eta Siriaren artean dagoen desertu puskan, alegia, Zaatariko kanpalekuan, termometroak ez dira 40 gradutik jeitsi.
🎧 Entzun podcasta
Berria | Zaitun: Zerutik begiratuta, tanto berdeak dirudite. Olibondoak Mediterraneoko paisaia, Italiatik Palestinara, janzten duten milurteko zuhaitzak dira. “Gure arbolek hitz egingo balute…”, esan zidan behin emakume palestinar batek. Historiaren testigu mutuak direla pentsatuko dute askok, baina haien fruituek, olibek, hizkuntza unibertsala hitz egiten dute. Horregatik, Zaitun deitu diogu Podcast honi. Oliba esateko arabierara jo dugu, erroetara. Bi astetik behin Mediterraneoko txoko desberdinetako kontuak hurbilduko dizkizuegu. Istorio batzuk, Italiako nondik-norako politikoei buruz. Beste batzuk, berriz, ahanzturara kondenatuak diruditen errefuxiatuen inguruan. Denak oliba zukuaren gustu fresko eta, zergatik ez, mikatzarekin.