Kategoriak
Bertso jarriak

Aimar Karrika, Larrugorritan

Aimar Karrika. Auritzen (Nafarroa) jaio zen, 1988an. Irakasle lanean aritu da Lapurdiko eta Nafarroa Behereko bertso eskola eta kolegioetan. Zortzi aldiz hartu du parte Nafarroako Bertsolari Txapelketan; lautan izan da finalista. 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuen.

Doinua: Itsasoa laino dago

1/
Pandemiaren orritan
Turisten joan etorritan
Gendarme zubi zorritan
Begiradak jatorritan
Ume txikiak korrikan
Eguzkiaren gorritan
Ta hondartzako elorritan
Hendaia larrugorritan

2/
Bainu jantzi zahar bat baino
Ez omen zena gaurdaino
Libertatea oraino
Berriz dudan jartzeraino
Herriko Etxea egundaino
Ez zen biluztu honaino
Itsasoa dago laino
Hondarraitz-tik Lohiaraino

3/
Ez al da edan nahi zukurik
Ez baldin bada tuturik?
Libre dena estuturik
Al dago nahi ezkuturik?
Ba al da hautetsi muturik?
Eta hautesle damuturik?
Nahi gaituzte mututurik
Bi bixkiak kukuturik

4/
Ez zen aski hondar patrikan
Deserosoen fabrikan
Zokoratu den guztitan
Hala ere begi bistan
Gaur ikusi da egitan
Gezurrak dauzkan begitan
Hozka egin behar dela bitan
Hezurraren haragitan

5/
Zer min egiten ahal dut nik
Itsaso ertzean zutik
Gaur ez bagaude burutik
Nik ez dut ulertzen tutik
Gure inguruko gutik
Hartzen badu gaia eskutik
Nola deslotu barrutik
Biluztasuna sexutik

6/
Irudiaren jabeak
Dira gaur egun sareak
Biharkoen zutabeak
Dira lur sendo gabeak
Onddoak eta bareak
Sagar eta udareak
Margo ditzala areak
Atxiki ditzan mareak

🎧 Entzun podcasta

Jatorrizko edukira joan

Dunbala podcastakBerria | Bertso jarriak: Bertso jarriak izan dira eta dira komunikatzeko tresna bat; salatzeko, aldarrikatzeko, berri emateko, hausnartzeko, kontatzeko erraminta bat. Uda honetan astero podcast formatuan zabalduko ditu BERRIAk bertsolari batek jarritako bertsoak, testua ez ezik doinua eta ahotsa ere gozatzeko. Horra bertso berriak, zuzenean belarrira jarriak.

 

 

Podcastera harpidetu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude