Evansek irabazi du Tourreko laugarren etapa, Lorient eta Mur de Bretagne artekoa. Hirugarren mailako aldapa batean jarritako helmugan australiarrak Contadorri hartu dio aurrea. Denbora berean sartu dira Vinokourov, Uran, Gilbert, Hushvod liderra, Franck Schleck, Samuel Sanchez, Van den Broek eta Kloden.
Lehen egunetako eguzkiaren arrastorik ez da izan gaurko etapan. Mahuka luzeak eta zirak ikusi ditugu gaur. Bost lagunek hartu dute eguneko ihesaldia; Roy, Kadri eta Hoogerlandekin batera, bi euskal ziklistek egin dute aurrera: Erviti iruindarrak eta Izagirre ormaiztegiarrak. Bidea egin dute, eta tropelak bost kilometroren faltan harrapatu ditu. Ez dira, beraz, balentriatik urrutiegi ibili.
Helmuga hirugarrren mailako mendate batean jarria zuten antolatzaileek –akaso konturatu dira hamar etapa lau-lauak errenkadan jartzea gehiegizkoa dela-. Aldapa motza gaurkoa, baina gogorra. Cavendishek, Farrarrek edo Cancellarak amore eman dute igotzen hasi aurretik. Contadorrek jo du eta haren erasoa sakabanatu du tropela; aurretik, espainiarrarekin batera bederatzi ziklista geratu dira, eta haien arteko dema izan da etapa garaipenerako. Evansek jo du azken metroetan. Eta Contadorrek, enbidoari ordago. Espainiarrak, ordea, beranduegi egin du aurrera, eta gutxigatik izan bada ere, Evansek eskuratu du etapa. Hamarreko taldetxoa eta haien atzetik zetozenen artean zortzi segundo izan dira.
Lerrook idazten ari denak aipatu izan du plaza honetan bertan ez duela uste Evansek Tourra irabazi dezakeenik. Adinagatik, batik bat. Alegia, gazteagoak direnak, bereziki Schleck eta Contador freskoago iritsiko direla azken etapetara. Iritzi horri eusten diot, baina horrek ez du esan nahi australiarra begitan hartu dudanik, inondik ere. Txirrindulari bikaina da, eta Tourra irabazi ala ez, garaipen zerrenda polita eta oparoa osatzen ari da. Bejondeiola. Etapa irabazi izanaren lasaitasunak bere alde joka dezake lasterketa bukaera bitartean.
Asteazken, ostegun eta ostiraleko etapetan esprinterrak nagusituko dira, ezusteko handirik ezean. Alegia, tropelari kukuak oker jotzen ez badio eta ihesaldiak bere asmoa azken bururaino eramaten ez badu. Oilarren arteko hurrengo zita larunbatean izan daiteke, Super Besse Sancy hirugarren mailako mendatetxoan amaituko den etapan. Erne asteburuko menuari igandeko ibilbidea ere oso gorabeheratsua baita.
Larunbata arte, Hushvodek mailot horiari eutsiko diolakoan nago. Ados?
Argazkia: Sirotti / cyclingnews
Podcasta
Hemen duzue etapa amaitu ondoren Eneko Garate (@egarate) eta Egoitz Lizasok (@elizaso) e grabatutako podcasta entzungai, nabigatzailean bertan edo bestela iTunes bidez nahiz MP3 formatuan deskargatu dezakezue geziari klik eginez.
🎧 Entzun podcasta
Tropela podcastak: Tropela.eus webgune ezaguneko arduradunek txirrindularitzaren inguruan ekoizten dituzten podcastak. 2010an hasi ziren podcastak ekoizten eta egun 200 argitalpenetik gora dituzte.